2025/11/19ko prentsa-oharra
OSPITALEETAKO ERIKORTASUN-ESTATISTIKA. 2024
2024an, ospitaleratzeak % 2,7 igo ziren Euskal AEko akutuen ospitaleetan
Ospitale publikoetan % 3,7 igo ziren eta ospitale pribatuetan % 2,1 jaitsi
Eustaten datuen arabera, Euskal AEko akutuen ospitaleetan 241.936 ospitalizazio izan ziren 2024an, aurreko urtean baino % 2,7 gehiago.
Ospitalizazioen kausa nagusiak izan ziren digestio-gaixotasunak, zirkulazio-gaixotasunak eta arnas-gaixotasunak, eta, orotara, ospitalizazioen % 38,5 izan ziren (2023aren aldean +% 5,1).
Urria izan zen ospitaleratze gehien izan zituen hilabetea (% 9,3), eta urtarrilean izan ziren ospitaleetan heriotza gehien (guztizkoaren % 10,5); hil horretan, gainera, arnas-gaixotasunek garrantzi handiagoa hartu zuten gripe- eta pneumonia-kasuen ondorioz.
Ospitaleratzeen ia % 85 ospitale publikoetan artatu ziren
Pertsonen % 84,6 ospitale publikoetan artatu zituzten eta % 15,4 pribatuetan. Azken horietan, artatutako patologien maiztasun-ordena aldatzen da, eta aparatu muskuloeskeletikoaren arazoak dira tratatuenak (% 20,2) —horien artean belauneko eta aldakako artrosia nabarmentzen dira—; gero traumatismoen eta lesioen taldea dator (% 14,1) —gehien diagnostikatzen direnen artean belauneko lotailu gurutzatu bihurritua dago—.
Ospitaleratzeen % 63,9 premiazkoak izan ziren, eta ehuneko hori ia % 70ra iristen da ospitale publikoetan (% 31,4 pribatuetan). Alta eman zitzaien pertsona guztietatik % 90,8ri sendatzeagatik edo hobetzeagatik eman zitzaien alta, % 3,4ri heriotzagatik eta gainerakoei beste zentro batzuetara eramateagatik edo beste arrazoi batzuengatik.
Ospitaleratuen % 51,3 gizonak izan ziren
Ospitaleratutako pertsonen profilari dagokionez, gizonen proportzioa (% 51,3) emakumeena (% 48,7) baino handiagoa izan zen, eta proportzio hori % 54,5era igotzen da erditzeak, haurdunaldiak eta puerperioak eragindako arreta-kasuak alde batera utziz gero. 2023ko datuekin alderatuta, ospitaleratzeak % 3 gehitu ziren gizonen artean eta % 2,5 emakumeen artean.
65 eta 79 urte bitartekoen taldean izan zen ospitaleratze kopururik handiena
Ospitaleratutako pertsonen % 52,3k 64 urte baino gehiago zituzten. 65 eta 79 urte bitartekoen taldean metatu ziren ospitaleratze gehien (% 29,5) eta, segidan, 45 eta 64 urte bitartekoen taldean (% 25,3).
Sexuaren arabera, gizonen artean ospitaleratze gehienak 65 eta 79 urte artekoak izan ziren (ia % 34); emakumeen artean, berriz, gehiengo hori ia berdin banatu zen 65 eta 79 urte bitartekoen artean (% 25) eta 80 urte eta gehiagokoen artean (% 24,9); izatez, emakumeak gizonezkoak baino gehiago izan ziren 80 urte eta gehiagokoen taldean.
Lurraldeen arabera, % 51,3 Bizkaian bizi ziren, % 31 Gipuzkoan, % 15,1 Araban, % 1,9 probintzia mugakideetan (batik bat Burgosen eta Kantabrian), % 0,4 gainerako probintzietan eta % 0,3 atzerrian.
Arnas-aparatuko gaixotasunen ondoriozko ospitaleratzeen igoera nabarmentzen da
Gaixotasun talde handien arabera, digestio-aparatuko gaixotasunak izan ziren ospitalizazio-kausa nagusia 2024an (% 13,4). Gertutik jarraitzen diete zirkulazio-aparatuko eta arnas-aparatuko gaixotasunek (% 12,6 eta % 12,5, hurrenez hurren), eta urrutiago daude traumatismoak eta lesioak (% 9,6) eta tumoreak (% 9,3).
Nabarmentzekoa da arnas-aparatuko gaixotasunen ondoriozko ospitaleratzeen kopuruak izan duen igoera —gora egin du hirugarren urtez jarraian (% 7,2 igoera 2023rekin alderatuta)—. Igoera horrek nabarmen murriztu du ospitaleratzeko bi arrazoi nagusiekiko aldea, eta zirkulazio-aparatuko gaixotasunen maila berean geratu da.
Gizonen artean, hiru kausa nagusi ohikoenen ordena bera izan zen: digestio-aparatuko gaixotasunak (% 14,9), zirkulazio-aparatuko gaixotasunak (% 14,5) eta arnas aparatuko gaixotasunak (% 12,9). Gaixotasun talde horietan gizonen ospitale-maiztasuna emakumeena baino handiagoa izan zen.
Emakumeen artean, azken hamabost urteotan (2009tik gaur arte) prozesu obstetrikoen ondoriozko ospitaleratzeen etengabeko beherakadak eragin du ohiko gaixotasunen beste talde batzuek pisu handiagoa hartzea. Esaterako, arnas gaixotasunak (% 12) eta digestio-gaixotasunak (% 11,9), haurdunaldi, erditze eta erdiberriaroko artatzeen ia maila berean daude (% 11,9).
Ospitaleratzeak, gaixotasun ohikoenen taldeen arabera, Euskal AEko akutuen ospitaleetan, sexuari eta adin-taldeei jarraiki. 2024
| |
Guztira |
% (*) |
Aldakuntza-tasa (%) 2024/2023 |
Sexua (%) |
Adina (%) |
| |
|
|
|
Gizonak |
Emakumeak |
0-14 |
15-44 |
45-64 |
65-79 |
80 eta gehiago |
| DIAGNOSTIKO-TALDE HANDIAK |
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
| Guztira |
241.936 |
100 |
2,7 |
100 |
100 |
100 |
100 |
100 |
100 |
100 |
| Liseri-aparatua |
32.540 |
13,4 |
2,9 |
14,9 |
11,9 |
8,2 |
11,2 |
16,6 |
14,0 |
12,0 |
| Zirkulazio-aparatua |
30.403 |
12,6 |
5,3 |
14,5 |
10,5 |
0,9 |
2,3 |
10,7 |
15,8 |
20,7 |
| Arnas aparatua |
30.154 |
12,5 |
7,2 |
12,9 |
12,0 |
22,2 |
8,4 |
9,2 |
11,7 |
18,5 |
| Traumatismoak eta lesioak |
23.288 |
9,6 |
2,8 |
9,8 |
9,4 |
7,8 |
10,8 |
10,8 |
8,0 |
9,9 |
| Neoplasiak |
22.598 |
9,3 |
3,2 |
10,0 |
8,6 |
1,5 |
4,1 |
11,5 |
13,5 |
7,2 |
| Aparatu muskulueskeletikoa |
20.564 |
8,5 |
2,0 |
8,5 |
8,5 |
2,9 |
6,9 |
12,3 |
10,0 |
4,7 |
| Aparatu genitourinarioa |
18.469 |
7,6 |
1,5 |
8,0 |
7,2 |
3,2 |
6,7 |
8,6 |
8,7 |
6,8 |
| Haurduntza, erditzea eta erdiberriaroa |
14.069 |
5,8 |
-3,1 |
- |
11,9 |
0,0 |
31,7 |
0,3 |
- |
- |
(*)Ehunekoa ospitaleratze guztien gainean kalkulatu da
CIE -10 : Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapena, 10. bertsioa
Data 2025eko Azaroaren 19a
Iturria: Eustat. Ospitaleetako erikortasun-inkesta
Gaixotasun taldeen ordena eta kausa espezifiko ohikoenak nabarmen aldatzen dira adinarekin
Ospitaleratzeak eragiten dituzten gaixotasunak aldatu egiten dira ospitaleratutako biztanleriaren adin taldearen arabera. 15 urtetik beherako biztanleen artean, arnas-gaixotasunak nabarmendu ziren, batez ere amigdalen eta adenoideen hipertrofia; 15 eta 44 urte bitartekoen artean, erditze eta haurdunaldiaren ondoriozko artatzeez gain, digestio-gaixotasunak (apendizeko gaixotasunak) eta traumatismoak eta lesioak (belauneko aurreko lotailu gurutzatu bihurritua eta hankako haustura) izan ziren nagusi. 45-64 urte bitartekoen taldean digestio-gaixotasunak nagusi izaten jarraitu zuten, baina bestelako gaitz mota batzuekin: kolelitiasia —behazun-besikulako kalkuluak—emakumeen kasuan, eta iztai-hernia gizonen kasuan. Muskulu- eta eskeleto-sistemako gaixotasunek (aldakako eta belauneko artrosia) eta tumoreek (bularrekoak emakumeengan eta prostatakoak gizonengan) ere garrantzia hartu zuten.
65 urte eta gehiagoko pertsonen artean, zirkulazio-gaixotasunak izan ziren ohikoenak. Horien artean, nabarmentzen dira eroapenaren nahasmenduak eta bihotzeko disritmiak, garuneko hodietako nahasmenduak (garuneko infartua, adibidez) eta gaixotasun hipertentsiboa (hedatuago 80 urte eta gehiagokoen taldean). Ondoren, arnas-afekzioak etorri ziren —horiek inpaktu handiagoa izan zuten 80 urte eta gehiagoko pertsonen artean (pneumonia nabarmendu behar da bereziki)—, eta, gero, 65-79 urteko taldean ohikoagoak diren digestio- eta tumore-gaixotasunak (maskuria eta prostata).
Batez besteko egonaldia 5,4 egunera jaitsi da
Ospitaleratutako pertsonek 1.303.743 egonaldi eragin zituzten (hau da, pazientea ospitaleratu zutenetik alta-egunera arte igaro ziren egunak); beraz, % 0,8 igo ziren, 2023arekin alderatuta, eta batez besteko egonaldia 5,4 egunekoa izan zen (2023an, 5,5 egunekoa izan zen). Gizonen kasuan 5,6 egunekoa izan zen eta emakumeen kasuan 5,2 egunekoa; adin taldeei dagokienez, berriz, egonaldirik luzeenak bizitzaren zikloaren hasierako eta amaierako etapetan erregistratu ziren: urtebetetik beherakoak (7,4 egun) eta 80 urte eta gehiagokoak (6,4 egun).
Gaixotasun taldeei dagokienez, egonaldirik luzeenak eragin zituzten buru-nahasmenduek eta portaera-nahasmenduek (14,3 egun), jaiotza-inguruko aldian sortutako gaixotasunek (8,9 egun) eta gaixotasun infekziosoek eta parasitarioek (8,4 egun).
Ohar metodologikoa
Estatuko eta nazioarteko estatistikekin konparatzeko arrazoiak direla eta, ospitaleratze-modalitatean egun bateko edo gehiagoko egonaldia duten gertakariak bakarrik hartzen dira kontuan, hau da, ez dira kontuan hartzen 0 eguneko egonaldia dutenak. Egonaldiaren iraupena honela kalkulatzen da: ospitaleratze-dataren eta alta-dataren artean igarotako egun-kopurua, ospitaleratze- edo alta-orduak kontuan hartu gabe.
Ez dira sartzen egonaldi ertain eta luzeko ospitalizazioak, ezta psikiatrikoak ere.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62